Lizardi


XABIER LIZARDI, GIZONA

Euskal literaturak izan duen poetarik haundienetakoa Zarautzen jaio zen hango hondartza luzetik gertu, 1896 urteko apirilaren 18an eta Jose Maria izena ipini zioten bataiatu zutenean.

Jose Maria Agirre Egañak ez zituen hamar urte besterik egin Zarautzen, 1906garren urtean Tolosara joan bait zen bere gurasoekin, garai hartan Gipuzkoan ospe haundia zuen hirira bizitzera. Eta Zarautzen lehendabizi, Tolosan gero, egin zituen lehen ikasketak. Ondoren, Madrilen ikusiko dugu Jose Maria ikasketak amaitzen, Zuzenbidean lizentziatura maila lortuz. Eta titulu berria besapean duelarik, Tolosako «Perot» tela metalikoen fabrikako jerente izango da hiltzen den arte, 1933ko martxoaren 12ko igandea arte.

Hona hemen, oso labur, haren bizitzako xehetasun biografiko nagusiak. Hogeita hamasei urterekin gaur erraz asko sendatzen den neumonia batez hil zen Jose Maria Agirre hura, ordea, euskal letretan gorengo mailako poeta dugu.

KoIdo Mitxelenarentzat, Jose Maria Agirre gazteak lortu du euskal poesiaren lehen maila. Xabier Leteren ustetan, Jose Maria Agirrek jakin zuen euskararen bidez hizkuntza poetiko sakon bat itxuratzen.

Jose Maria Agirreren balio poetikoari buruzko bi aipamen besterik egin ez baditugu ere, euskal literatura aztertu duten guztiak datoz bat: Jose Maria Agirre gure poetarik haundienetakoa da.

Baina nor zen Jose Maria Agirre hura? Nor Zuzenbide ikasketak egin, fabrika bateko jerente izan eta bere ordu libre eta maiteenak euskarari eta euskal poesiari eskaintzen zizkion gizon gazte hura?

Xabier Lizardi bezala ezagutzen dugu guztiok gizon hura, izengoiti poetiko hau hautatu bait zuen Jose Maria Agirrek bere lan literarioak izenpetzeko.


BERE LANAK

Orain arte Xabier Lizardi poeta bezala aipatu badugu ere, beste zenbait alor literario ere landu zuen Lizardik: kazetaritza, antzerkia eta poesia izan ziren Lizardik landutako alorrak.

Kazetaritzako lanak «ltz-lauz» liburuan bildurik daude. Hiru antzerki ere idatzi zituen: «Laño ta izar», «Bi aizpak» eta «Ezkondu ezin ziteken mutilla».

Baina Lizardik poesian egin zuen lanik ederrena eta haren poemak bi liburutan bildurik daude: bata, Lizardi berak prestatua, «Biotz begietan» da, haren libururik ezagunena; bigarrena, Lizardi hil eta urtebetera poetaren adiskide haundia zen Jose Ariztimuño «Aitzol»ek argitaratu zuen «Umezurtz olerkiak» izenez, liburu honetan Lizardik argitaratu gabe zituen olerkiak eskainiz.

Baina hoberena haren lan literarioak banan-bana ikustea izango dugu, eta liburu garrantzitsuenaz hasiko gara.


Biotz begietan


Bilbon argitaratu zuen Lizardik liburu hau 1932 urtean, hil baino urtebete lehenago. Eta hauxe da, zalantzarik gabe, Lizardiren lanik bikainena, hoberena.

Honela dio garai hartan beste poeta haundi izan zen Orixek liburuari egin zion hitzaurrean:

“Lizardik gurean orainarte ez du izan kiderik, nekez izango du garaitzailerik.”

Baina zer da eta zein gai agertzen dira «Biotz-begietan» Iiburuan?

Labur adierazita bada ere, honako gai hauek lantzen ditu bereziki Lizardik:
izadia
heriotza
aberria
euskara

Lizardiri izadiaren poeta deitu izan zaio maiz. Eta ez arrazoirik gabe. Ez dago gure literaturan euskal izadia Lizardik bezala sentitu, bizi, azaldu eta margotu duen poetarik. Lizardik «Bultzi Ieiotik» izeneko poeman trenean doanak euskal paisajea nola ikusten duen adierazten digu azkar asko, trenak duen erritmoaren bizkortasun berdinaz:

Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario