Asko dira testuetan egiten diren okerrak (1. atala)
Euskarazko testuetan sarritan egiten diren akatsak aztertuko ditugu, akatsok nabarmenduz eta konponbidea erakutsiz euskarazko testuen kalitatea hobetzen laguntzeko helburuarekin. Lehen atal honetan esaldien ordenamenduaz arituko gara; zehatzago esanda, erlatiboak eragiten dituen ordena bihurriez.
Izenburuan jarri dugun esaldiari erdal kutsua dario. Izan ere, -en erlatiboa alferrik erabili da. Euskaraz, esaldian ematen dugun informazio berria, nabarmendu nahi duguna, aditzaren aurrean jartzen dugu (ahozko hizkuntzan, aditzaren ostean ere jar dezakegu).
Oker asko egiten dira testuetan.
Gaztelaniak ez du estrategia hori erabiltzen, eta datu bat nabarmentzeko erlatibo («que») baten bidez banatzen du esaldiaren gainerako osagaietatik. Euskaraz nahikoa dugu osagai nabarmengarria aditzaren aurrean kokatzea.
Hobeto: Arabarrek bidaltzen diote kexarik gehien Arartekoari.
Trakets: Hau da Felix nire laguna bizi den tokia.
Hobeto: Hementxe bizi da Felix nire laguna.
Trakets: Bera izan zen istripua izan zenuela kontatu zidana.
Hobeto: Berak kontatu zidan istripua izan zenuela.
Beste kasu batean ere aurki ditzakegu erlatiboak bihurrituriko hurrenkerak. Datu osagarriak emateko moduaz ari gara. Euskaraz joskera erosoagoak eta egokiagoak aukera ditzakegu datu osagarri horiek emateko, gaztelaniaren edo beste hizkuntza batzuen baliabideetara makurtu gabe:
Trakets | HOBETO |
BBK Live jaialdira soul-eko ahots zuririk onena den Amy Winehouse ekarri nahi zuten. | BBK Live jaialdira Amy Winehouse ekarri nahi zuten, soul-eko ahots zuririk onena. |
Zauritu bakarra ordezkatzen duenakusazio partikularrak zigor handiagoak eskatu ditu. | Akusazio partikularrak, zauritu bakarraren izenean, zigor handiagoak eskatu ditu. |
Oporretatik etorri berri den lehendakariak Legebiltzarreko alderdi guztiekin biltzeko asmoa azaldu du | Lehendakariak, oporretatik etorri berritan, Legebiltzarreko alderdi guztiekin biltzeko asmoa azaldu du |
Musikazale amorratua den gure lagun horrek begi onez ikusten du kontzertu-gela berria. | Gure lagun horrek -musikazale amorratua bera- begi onez ikusten du kontzertu-gela berria |
No hay comentarios:
Publicar un comentario