Mostrando entradas con la etiqueta LITERATURA. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta LITERATURA. Mostrar todas las entradas

Lizardi


XABIER LIZARDI, GIZONA

Euskal literaturak izan duen poetarik haundienetakoa Zarautzen jaio zen hango hondartza luzetik gertu, 1896 urteko apirilaren 18an eta Jose Maria izena ipini zioten bataiatu zutenean.

Jose Maria Agirre Egañak ez zituen hamar urte besterik egin Zarautzen, 1906garren urtean Tolosara joan bait zen bere gurasoekin, garai hartan Gipuzkoan ospe haundia zuen hirira bizitzera. Eta Zarautzen lehendabizi, Tolosan gero, egin zituen lehen ikasketak. Ondoren, Madrilen ikusiko dugu Jose Maria ikasketak amaitzen, Zuzenbidean lizentziatura maila lortuz. Eta titulu berria besapean duelarik, Tolosako «Perot» tela metalikoen fabrikako jerente izango da hiltzen den arte, 1933ko martxoaren 12ko igandea arte.

Hona hemen, oso labur, haren bizitzako xehetasun biografiko nagusiak. Hogeita hamasei urterekin gaur erraz asko sendatzen den neumonia batez hil zen Jose Maria Agirre hura, ordea, euskal letretan gorengo mailako poeta dugu.

KoIdo Mitxelenarentzat, Jose Maria Agirre gazteak lortu du euskal poesiaren lehen maila. Xabier Leteren ustetan, Jose Maria Agirrek jakin zuen euskararen bidez hizkuntza poetiko sakon bat itxuratzen.

Jose Maria Agirreren balio poetikoari buruzko bi aipamen besterik egin ez baditugu ere, euskal literatura aztertu duten guztiak datoz bat: Jose Maria Agirre gure poetarik haundienetakoa da.

Baina nor zen Jose Maria Agirre hura? Nor Zuzenbide ikasketak egin, fabrika bateko jerente izan eta bere ordu libre eta maiteenak euskarari eta euskal poesiari eskaintzen zizkion gizon gazte hura?

Xabier Lizardi bezala ezagutzen dugu guztiok gizon hura, izengoiti poetiko hau hautatu bait zuen Jose Maria Agirrek bere lan literarioak izenpetzeko.


BERE LANAK

Orain arte Xabier Lizardi poeta bezala aipatu badugu ere, beste zenbait alor literario ere landu zuen Lizardik: kazetaritza, antzerkia eta poesia izan ziren Lizardik landutako alorrak.

Kazetaritzako lanak «ltz-lauz» liburuan bildurik daude. Hiru antzerki ere idatzi zituen: «Laño ta izar», «Bi aizpak» eta «Ezkondu ezin ziteken mutilla».

Baina Lizardik poesian egin zuen lanik ederrena eta haren poemak bi liburutan bildurik daude: bata, Lizardi berak prestatua, «Biotz begietan» da, haren libururik ezagunena; bigarrena, Lizardi hil eta urtebetera poetaren adiskide haundia zen Jose Ariztimuño «Aitzol»ek argitaratu zuen «Umezurtz olerkiak» izenez, liburu honetan Lizardik argitaratu gabe zituen olerkiak eskainiz.

Baina hoberena haren lan literarioak banan-bana ikustea izango dugu, eta liburu garrantzitsuenaz hasiko gara.


Biotz begietan


Bilbon argitaratu zuen Lizardik liburu hau 1932 urtean, hil baino urtebete lehenago. Eta hauxe da, zalantzarik gabe, Lizardiren lanik bikainena, hoberena.

Honela dio garai hartan beste poeta haundi izan zen Orixek liburuari egin zion hitzaurrean:

“Lizardik gurean orainarte ez du izan kiderik, nekez izango du garaitzailerik.”

Baina zer da eta zein gai agertzen dira «Biotz-begietan» Iiburuan?

Labur adierazita bada ere, honako gai hauek lantzen ditu bereziki Lizardik:
izadia
heriotza
aberria
euskara

Lizardiri izadiaren poeta deitu izan zaio maiz. Eta ez arrazoirik gabe. Ez dago gure literaturan euskal izadia Lizardik bezala sentitu, bizi, azaldu eta margotu duen poetarik. Lizardik «Bultzi Ieiotik» izeneko poeman trenean doanak euskal paisajea nola ikusten duen adierazten digu azkar asko, trenak duen erritmoaren bizkortasun berdinaz:

Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak.

NIRE AITAREN ETXEA defendituko dut



Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreiaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errenteak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.

BIZKAIKO ABERATSAK


Bizkaiko aberatsak
dira diruzale,
txerri-erosle eta
txorizo-saltzaile.
Dendaz bete dituzte
Bilbon zazpi kale,
inoiz ez dute eman
pausorik debalde,
burrukatzen baitute
diruaren alde.

Arratiko gizona
Bilbora doa maiz
Lemoako tranbian
eta beti garaiz
bere artean dio
umore txit alaiz
traje berri batekin
gaur bestituko naiz
lehengo arlotea
jantziko da galaiz.

Hura ikusi eta
dendari guztiak
zaharrak geldi eta
korrikan gaztiak
saldu nahi dizkiote
makailu bustiak
gauerdiko izarrak
eta eguzkiak
inor engainatzeko
nolako trastiak.

Somera, Artekale,
gero Tenderia,
han ikusi genuen
mila komeria.
Tenderoaren grinak
nork erremedia!
Gizonaren gainean
han erori dira,
hanka kendu diote,
ai, zer aberia!

Kojuaren moduan
joan da ihesi
hanka bakar batekin
baliteke bizi.
Mundu honetan ez da
batere justizi
zazpi kaleetan nahi
traje bat erosi
eta oinetakoa bertan
behar itzi.

Euskal baserritarrak
dadukan pobrezia,
baino haundiagoa
askoren grandeza.
Madrildik etorri den
Korte Ingelesa,
bertan sartuko balitz
euskaldun baldresa,
dirua gastatzeko
manera erreza.

Ez zaitez bertan sartu,
euskaldun maitia,
zabalik badaukazu
bertako atia,
galduko duzu eta
bigarren hankia
bai eta, bide batez,
zure hankartea.
Euskaldun batentzako
zer errematia!


Gabriel Aresti

oi lur, oi lur


Oi, lur, oi, lur,
oi, ene lur nerea...
oi, goiz eme,
parre gozoz ernea.

Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak

oro laño
mee batek estalia,
urrez oro
eguzkiak yantzia...

Nekazari
gizandi bati iduri
soroan zut:
beyondezula zuri...

Ipui zaarrak,
zatozte gogora
zatozte erregin


LORE JOKOAK


Literatura eta batez ere poesia bultzatzeko egiten zen lehiaketak ziren lore-jokoak. Lehenengoak Okzitaniako Tolosan egin ziren, poesia probentzala bultzatzeko (1324). Nafarroako Luis III.ak, Frantziako XIV.a, "Akademia" titulua eman zienetik (1649), urtero egin izan dira. Katalunian XIV-XVI. mende bitartean antolatu ziren, baina XIX. mendean berpiztu eta Iberiar penintsula osora hedatu ziren. Lehen euskal Lore-jokoak Antoine Abbadia zientzialari eta filantropoak antolatu zituen Urruñan (1853). Lehen lehiaketa hau irregulartasunez betea egon zen eta Etxahunek, amorraturik, "Bi berset horiez" pieza gogoangarria idatzi zuen, Lore-jokoen epaile ziren apaizen azpijokoak eta plagioak agerian utziz.

Lehiaketara aurkeztutakoen artean obrarik onena festa-giroan hautatzen zen, kantuz ematen zen, hurrengo igandean Baionako prentsan ere argitaratzen zen, eta pilota-partidak eta ganadu feriak ere antolatzen ziren. Sari garrantzitsuak izaten zirenez lan asko aurkezten ziren. Lore-joko hauetan plazaratu ahal izan zituzten, besteak beste, Larraldek "Chorinoa Kayolan" eta Elizanburuk "Apexa eta lorea". Hamar urtez Urruñan antolatu ziren Lore-jokoak, 1864-76 bitartean Saran eta gero urtero lekuz aldatu zuten. Hegoaldean ospatutako lehenak Elizondokoak izan ziren (1879) eta Felipe Arrese Beitiak "Ama euskeriari azken agurrak" olerkiarekin lehen saria jaso zuen. Donostiako Lore-jokoak Jose Manterolaren ekimenez antolatu ziren (1882); literatur lehiaketaz aparte, musika- eta pintura-lehiaketak ere antolatzen ziren. Hegoaldeko lehiatzaileek ez zuten Iparraldekoen bukolismoa, foruen galtzea hurbil zeukaten eta gai politikoak eta historikoak erabili ohi zituzten batik bat.

Iparraldean hasieran eta Hegoaldean gero, Lore-jokoek ia mende erdia iraun zuten eta aurretik hila eta baztertua zegoen euskaltzaletasuna pizten lagundu zuten. Bertsolaritzatik olerkaritzarako bidea zabaldu zuten eta literaturaren aitzakian Pirineoetako bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak estuagotu ziren.