Mostrando entradas con la etiqueta GRAMATIKA. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta GRAMATIKA. Mostrar todas las entradas

EGON / ARI IZAN

Lanean nago esaten badugu, batek baino gehiagok egingo du barre: izan ere, askok eta askok bereizten dituzte egon, batetik; eta ari izan/ibili/jardun, bestetik.


Egon: estatikoa-edo da. Kontraesana izango litzateke mugimendua eskatzen duen ekintza egon aditzarekin adieraztea. Horregatik, hasierako lanean dago bihurrialanean da edo lantokian dago erabiliz ordezkatu beharko genuke, NON galderari erantzun nahi badiogu behintzat.

Ari izan/ibili: ekintza dinamikoa adierazten du. ZERTAN galderari erantzun nahi badiogu, ari izan erabili beharko dugu hasierako esaldiaren ordez: lanean ari da edo lanean dabil/dihardu.


*Gorpuen bila daude gau eta egun.

Gorpuen bila dabiltza gau eta egun.


*Gaizki jokatzen dago.

Gaizki jokatzen ari da.


*Beti gauza bera esaten dago.

Beti ari da gauza bera esaten.



(*): erabilera okerra.

DUELA / ORAIN DELA


1. Beti singularrean joango da:

*Orain direla lau urte... *Dituela bost urte...

Orain dela lau urte... Duela bost urte...


2. Nola deklinatu:

NOIZ? Duela lau urte / Orain dela lau urte

NOIZ ARTE? Duela lau urte(ra) arte / Orain dela lau urte(ra) arte

NOIZTIK? Lau urtetik hona / Duela lau urtetik / Orain dela lau urtetik


ERLATIBOA

Asko dira testuetan egiten diren okerrak (1. atala)


Euskarazko testuetan sarritan egiten diren akatsak aztertuko ditugu, akatsok nabarmenduz eta konponbidea erakutsiz euskarazko testuen kalitatea hobetzen laguntzeko helburuarekin. Lehen atal honetan esaldien ordenamenduaz arituko gara; zehatzago esanda, erlatiboak eragiten dituen ordena bihurriez.

Izenburuan jarri dugun esaldiari erdal kutsua dario. Izan ere, -en erlatiboa alferrik erabili da. Euskaraz, esaldian ematen dugun informazio berria, nabarmendu nahi duguna, aditzaren aurrean jartzen dugu (ahozko hizkuntzan, aditzaren ostean ere jar dezakegu).

Oker asko egiten dira testuetan.


Gaztelaniak ez du estrategia hori erabiltzen, eta datu bat nabarmentzeko erlatibo («que») baten bidez banatzen du esaldiaren gainerako osagaietatik. Euskaraz nahikoa dugu osagai nabarmengarria aditzaren aurrean kokatzea.


Trakets: Arabarrak dira Arartekoari kexarik gehien bidaltzen diotenak.

Hobeto: Arabarrek bidaltzen diote kexarik gehien Arartekoari.


Trakets: Hau da Felix nire laguna bizi den tokia.

Hobeto: Hementxe bizi da Felix nire laguna.


Trakets: Bera izan zen istripua izan zenuela kontatu zidana.

Hobeto: Berak kontatu zidan istripua izan zenuela.



Beste kasu batean ere aurki ditzakegu erlatiboak bihurrituriko hurrenkerak. Datu osagarriak emateko moduaz ari gara. Euskaraz joskera erosoagoak eta egokiagoak aukera ditzakegu datu osagarri horiek emateko, gaztelaniaren edo beste hizkuntza batzuen baliabideetara makurtu gabe:


Trakets

HOBETO

BBK Live jaialdira soul-eko ahots zuririk onena den Amy Winehouse ekarri nahi zuten.

BBK Live jaialdira Amy Winehouse ekarri nahi zuten, soul-eko ahots zuririk onena.

Zauritu bakarra ordezkatzen duenakusazio partikularrak zigor handiagoak eskatu ditu.

Akusazio partikularrak, zauritu bakarraren izenean, zigor handiagoak eskatu ditu.

Oporretatik etorri berri den lehendakariak Legebiltzarreko alderdi guztiekin biltzeko asmoa azaldu du

Lehendakariak, oporretatik etorri berritan, Legebiltzarreko alderdi guztiekin biltzeko asmoa azaldu du

Musikazale amorratua den gure lagun horrek begi onez ikusten du kontzertu-gela berria.

Gure lagun horrek -musikazale amorratua bera- begi onez ikusten du kontzertu-gela berria


ERE, BAITA...ERE (EZTA...ERE), ERE BAI (ERE EZ)


Erdararen eraginez hitz hauek gero eta nahastuago agertzen zaizkigu.

ERE
Beti bere ezkerreko aldean daukan sintagmari lotuta azalduko zaigu. Beraz, esaldi bat ezin da sekula “ere” batez hasi:

Ere irakaslea ikusi dugu.


Akatsik arruntena “ere” ez dagokion hitzaren ondoren jartzean datza. Hori dela eta argi izan behar dugu zer den azpimarratu nahi duguna.

Atzo Pellok liburua ekarri zuen.
Atzo ere Pellok liburua ekarri zuen
Atzo Pellok ere liburua ekarri zuen.
Atzo Pellok liburua ere ekarri zuen
Atzo Pellok liburua ekarri ere egin zuen.



ERE BAI, ERE EZ, BAITA...ERE, EZTA...ERE

Forma hauek bi perpaus lotzeko (koordinatuak) erabiltzen ditugu, batez ere lehenengo perpausaren eta bigarrenaren arteko desberdintasuna sintagma bakar bat denean:

Nik bihar matematika azterketa egingo dut, baita gizartekoa ere.
Nik bihar matematika azterketa egingo dut, gizartekoa ere bai.


Baita...ere (ezta..ere)k erdian sintagma bat behar dute:

Etzirako hizkuntzako ariketak egin behar ditut, baita naturakoak ere


HItz elkartuak

Orokorrean:

Salbuespenak ez badira, hitz elkartuak orokorrean bi modutara idatziko dira: bereiz eta marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala (kontuan izan behar da salbuespenak ugariak direla).

eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak, eta

kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak.

(Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea).


SALBUESPENAK:

1. Bereiz idatziko dira:

aposizioak (Bidasoa ibaia),

egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin),

etxez etxe moduko bikoiztapenak (adi, lehenengo osagaia deklinatuta dago etxez),

egin berri modukoak (kontuz, hasiberri eta ezkonberri salbuespenak dira),

mahai gainean, aste barruan gisako postposizioak,

— bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak (diru bila, diru eske, diru falta),

— lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak (erdal gramatika, euskal idazleak, giza zientziak, itsas garraioa…), ihartuak ez diren neurrian (itsasgizon, elizgizon, gizalege, itsasontzi…), eta

— lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa, literatur lehiaketa…). Laugarren puntuan azaltzen da kasu hau bere osotasunean.


2. Marrarekin idatziko dira:

gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak, lehen osagaia deklinabide markarik gabe dutenak. adi-adi, handi-handia. alfer-alferrik...

apurka-apurka bezalako bikoiztapenak, hitzaren bi osagaiek atzizki berbera dutenean. Tarteka-tarteka, astiro-astiro, banaka-banaka...

seme-alabak, zuri-gorri modukoak, azpian eta juntagailua dutenak.

barra-barra, plisti-plasta bezalakoak, osagaietan nolabaiteko aldaketa fonetiko dutenak. kili-koli, zehatz-mehatz, txipli-txapla, zirti-zarta, dinbi-danba...

Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra/ Estella).


3. Loturik idatziko dira:

jarleku (aditzoina + izenondoa) moduko elkarteak (egongela, salneurri, jokamolde…)

aldagaitz (aditzondo + izenondoa) bezalako izaera elkarteak (irakurgaitz, sinestezin, ulerterraz…)

odolustu (izena + aditza) moduko izen-elkarte arruntak (indargabetu, indargaldu, azpimarratu…),

—bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edota -gintza,-za(i)ntzaduten elkarteak,

—bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak (langile, atezain, dirudun, lotsagabe, solasaldi, asteburu, legegizon, lankide, kalekume, zuzendariorde, aztergai…),

— lehen osagaia aurre-, azpi- eta gain- duten izen elkarteak (aurreikuspen, gainbegirada, azpimultzo…), eta

lauburu (zenbatzailea + izena) moduko elkarteak (hiruhortz, ehunzango, begibakar…)


4.>a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke:

- Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean (biologia, filosofia, bidaia…): biologi azterketa, biologia(-)azterketa.

- Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira. Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori. Beraz, sei hitz horiek hitz elkarketaren lehenengo osagai bezala azaltzen direnean, elkarketa horiek 3 modutara eman daitezke: literatur saria (>a< kenduta eta marratxorik gabe), literatura (-)saria). Beste modu batera esanda, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea:

  • kultur etxea, kultura(-)etxea
  • biologi azterketa, biologia(-)azterketa

* Kontuan izan parentesia azaltzen den bakoitzean (-) , barrukoa aukeran dagoela adierazi nahi duela.

Araua osorik.

Gehiegi, ezta? Bada, ez uzkurtu! Praktika pixka batekin berehala ikasten da eta… :wink: