Maite ditut maite



HItz elkartuak

Orokorrean:

Salbuespenak ez badira, hitz elkartuak orokorrean bi modutara idatziko dira: bereiz eta marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala (kontuan izan behar da salbuespenak ugariak direla).

eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak, eta

kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak.

(Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea).


SALBUESPENAK:

1. Bereiz idatziko dira:

aposizioak (Bidasoa ibaia),

egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin),

etxez etxe moduko bikoiztapenak (adi, lehenengo osagaia deklinatuta dago etxez),

egin berri modukoak (kontuz, hasiberri eta ezkonberri salbuespenak dira),

mahai gainean, aste barruan gisako postposizioak,

— bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak (diru bila, diru eske, diru falta),

— lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak (erdal gramatika, euskal idazleak, giza zientziak, itsas garraioa…), ihartuak ez diren neurrian (itsasgizon, elizgizon, gizalege, itsasontzi…), eta

— lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa, literatur lehiaketa…). Laugarren puntuan azaltzen da kasu hau bere osotasunean.


2. Marrarekin idatziko dira:

gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak, lehen osagaia deklinabide markarik gabe dutenak. adi-adi, handi-handia. alfer-alferrik...

apurka-apurka bezalako bikoiztapenak, hitzaren bi osagaiek atzizki berbera dutenean. Tarteka-tarteka, astiro-astiro, banaka-banaka...

seme-alabak, zuri-gorri modukoak, azpian eta juntagailua dutenak.

barra-barra, plisti-plasta bezalakoak, osagaietan nolabaiteko aldaketa fonetiko dutenak. kili-koli, zehatz-mehatz, txipli-txapla, zirti-zarta, dinbi-danba...

Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra/ Estella).


3. Loturik idatziko dira:

jarleku (aditzoina + izenondoa) moduko elkarteak (egongela, salneurri, jokamolde…)

aldagaitz (aditzondo + izenondoa) bezalako izaera elkarteak (irakurgaitz, sinestezin, ulerterraz…)

odolustu (izena + aditza) moduko izen-elkarte arruntak (indargabetu, indargaldu, azpimarratu…),

—bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edota -gintza,-za(i)ntzaduten elkarteak,

—bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak (langile, atezain, dirudun, lotsagabe, solasaldi, asteburu, legegizon, lankide, kalekume, zuzendariorde, aztergai…),

— lehen osagaia aurre-, azpi- eta gain- duten izen elkarteak (aurreikuspen, gainbegirada, azpimultzo…), eta

lauburu (zenbatzailea + izena) moduko elkarteak (hiruhortz, ehunzango, begibakar…)


4.>a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke:

- Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean (biologia, filosofia, bidaia…): biologi azterketa, biologia(-)azterketa.

- Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira. Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori. Beraz, sei hitz horiek hitz elkarketaren lehenengo osagai bezala azaltzen direnean, elkarketa horiek 3 modutara eman daitezke: literatur saria (>a< kenduta eta marratxorik gabe), literatura (-)saria). Beste modu batera esanda, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea:

  • kultur etxea, kultura(-)etxea
  • biologi azterketa, biologia(-)azterketa

* Kontuan izan parentesia azaltzen den bakoitzean (-) , barrukoa aukeran dagoela adierazi nahi duela.

Araua osorik.

Gehiegi, ezta? Bada, ez uzkurtu! Praktika pixka batekin berehala ikasten da eta… :wink:

Atsotiz eta esaera zaharrak

MIHI LUZEAK, ESKU LABUR
ASKO HITZ EGIN ETA GUTXI EGIN

TRAPU ZIKINAK ETXEAN GARBITU
ARAZOAK TARTEAN DAUDENEN ARTEAN KONPONDU

PAKEAN DAGOENA, PAKEAN UTZI
GAUZAK DAUDEN BEZALA UTZI

TXAPEL BATEKIN BI BURU EZIN ESTALI
GAUZAK BANAN-BANAN EGIN BEHAR DIRA

ZALDITIK ASTORA ETA ASTOTIK LURRERA
GAUZAK GERO ETA OKERRAGO DOAZ

UMEAREN ZENTZUNA, ETXEAN ENTZUNA
ETXEAN EGITEN DENA BARNERATZEN DU UMEAK

USTEAK ERDIA HUTSA ETA BESTE ERDIA PUTZA
EZ FIDATU ENTZUTEN DUZUNAZ

ZAKUR ZAUNKALARIA NEKEZ HORZKARIA
HITZONTZI ETA AHOZBERO DENAK EZ DU ESANDAKOAZ EZER EGITEN